XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beharrei eta publiko motei buruz ikerketa egiteko burutazioa ez da ikaskuntza bakoiztu nahitik bakarrik etorri; ikaskuntz sistemaren koherentzia berria aurkitu nahian ere baditu erroak.

Ikaskuntza berria nahi da, baina ez edukian, metodoan, erakundean edo irakaslearengan ardaztua, baizik eta ikaslearengan erreferentzia eta oinarri izango duena.

Ikaslearengan ardatza jartze honek, gure ikuspegi modularrean mamitu denak, baditu bere logika eta eskakizunak.

Ondotxo eta oso-osorik formulatuak dituzte Richterich eta Chancerel-ek:
Hurbiltze honen gainean eraikitako sistemetan gauzatu beharrekoak dira: ikasleak parte hartzeko bideak, elkarrizketa, negoziaketa.

Hauek emango diote ahalbidea ikaskuntza benetan bere buruarengan ardazteko, bere behar eta baliabideen arabera, baina erakunde baten esparruan (Richterich; Chancerel: 18. or.).

Geure formulazio sintetikoan parte hartzeko, elkarrizketarako bideak aurkitu ditugu.

Honako hauek dira erabili eta gomendatzen ditugunak:
a) inkesta bera, beharren lehengo mugaketa bat egiteko era ezin hobea;
b) ordutegi txikiz moldatutako moduloak: lehen ikaskuntzako tratu bait dira nolabait ere, benetako kontratua egin aurretik aukerak eta konbinazioak egiteko era ematen dutelako;
c) moduloen aukera errazten duen orientabidea;
d) benetako helburuen negoziaketa, ikaskuntzako kontratuan gauzatuko dena; e) ebaluazio eta autoebaluazioko prozedurak, horiek ere ikasleak bere ikaskuntza gobernatzeko partaidetzabide bait dira.

Gure ustez, esku hartzeko bideen ugariak denboralditxo batean beharrak ezagutzeko uneari buruz izan diren zalantzei amaiera ekar diezaieke.

Guri dagokigunean, ez ditugu beharren ezagutza aurretikoa eta beharren ezagutza iraunkorra kontrajartzen; elkarren osagarritzat dauzkagu biak.